XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guztiz erabakiorrak atzoko primarioak lau hautagaientzat New York.

Iparramerikar bi partidu politiko haundion izenean presidentziara aurkeztu diren lau hautagaiak proba beroa pasatu beharrean izan ziren atzo New York hirian, non hauteskunde primarioetan nor zertan den garbi erakutsi behar zen.

Errepublikanoen artean ez zen espero deus interesgarririk: George Bush lehendakariordeak ez zuen inor kontra egiteko modukorik.

Konpromisarien botuetarik hirutik bi bere alde ditu eta, beraz, inongo iskanbilarik gertatzen ez bada bere alde izango ditu abuztuan New Orleans hiriko konbentziora Estatuak bidaliko dituen ehunda hamasei ordezkariak.

Dena den, analista politikoek aho batez aditzera eman dutenez, New York hiriko atzoko primarioetan arrakasta handiz irabazi badu oso onuragarri gertatuko zaio Bushi, honela, Etxezurira lehendakari gisa pasatu baino lehenago udazkenean burutuko diren hauteskundeetan hautagai itxurazko gisa presentatzeko parada izango baitu.

Demokraten artean gauzak nahasixeago dira, hiru leader dituzte hautagaitzat eta.

Hiruek zituzten, gainera, konpromisarien botuak jasotzeko posibilitate haundiak: Michael Dukakis, Massachusets estatuko gobernadorea, Jesse Jackson, apaiz beltza eta Albert Gore, Tenneesse-ko senadorea.

Atzo irabazi nahi izateko bi arrazoi haundi zituzten.

New York hirian gertatzen denak oihartzun haundia du Estatu Batuetan, eta, gainera, hedadurarik haundiena duten komunikabideak ere bertakoak dira; bestalde, Kaliforniaren ondoren New York estatua da datorren uztailean Georgiako Atlanta hirian burutuko den konbentziora delegatu gehien bidaliko dituena, orotara 255.

Egin diren inkesten arabera Dukakis zen faboritoa, baina adituek ziotenez, sorpresaren bat gertatzea ere ez zen harritzekoa, esate baterako Jesse Jacksonek irabaztea, edota bien artean ordezkariak berdintsu banatzea.

Gorabehera handiko karrera du Massachusets-eko gobernadoreak.

Atzokoan irabazi bazuen, posibilitate haundirekin aurkeztuko litzateke oraindik ere egiteko geratzen diren beste primarioetara.

Ondorio honik jaso ez bazuen, oso egoera kaxkarrean geratuko da.

Horixe gertatu zitzaion martxoan zenbait estatu inportanteetan behar adina botu jaso ez zituenean.

Atzoko primarioetan Albert Gore zen Dukakisen kontrariorik gogorrena.

Hiruen artean honexek zuen aukerarik kaxkarrena gailen ateratzeko, eta horrexegatik burutu du oso kanpaina garestia eta irudikorra.

Kontutan izan behar da, bestalde, juduen botua hein handian, horrentzat izango zela, eta entzute handiko politiko eta pertsona asko alde zuela Edward Koch, hiriko alkatea barne.

Konpromisari bat bakarra lortzeko boto guztietatik ehuneko hamabost kontsegitu behar dira primarioetan.

Hori lortzeko posibilitate handirik ez zuen Albert Gorek.

Azken egunotan egin diren inkesten arabera alabaina, atzo bilduko zituenak, gehienak, Dukakisi kenduz bilduko zituela nabarmen zegoen.

Dukakisen aldeko sektore kontserbatzailearen atzetik ibili da Albert Gore, Jackson aldiz, sektore progresistaren botuen bila.

Automatikoki hautagai izateko demokrata kandidatuak gutxienez 2.082 delegaturen konfidantza behar du.

Orain arte Dukakisek 872 delegaturena du, Jacksonek 738rena eta Gorek 417rena.